XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Higanautek irri zegiten ikusgarri haren aitzinean, eta usuenik XXXIX. eta L. psalmoak kantatuz ibiltzen ziren hiria baitan errolda luzeetan;

auzo batzuetan gaindi iragaitean, harrika hartzen zituzten, bainan kantore emaile haietarik anitz ziren nor bere ezpatarekin.

Bestalde, fite agortarazi zituzten Paube eta Tarbes-etik orga batean heldu ziren bibliak, eta nor bere liburuarekin zohalarik arropa beltz eta ilunez hasi ziren janzten;

hiriko mutur batetik bestera eskutik eskura joaiten zen kirio bat pizturik, eta gaua heldu bezain fite, haren aitzinean irakurtzen zen Liburu Saindua etxe guztietan.

Zenbat eta agorrilaren 18a hurranago, orduan eta aztorago zen jendea; halatan, beren kirioekin zohazin higanautei papistek eraso egin zieten Gazteluko auzoan, eta nekez ilki ziren bertatik osagarrian;

bainan horiek feit ttipiak izan ziren, jendeak aski zuen bere zereginekin: denborarik gehiena eliza edo bilkuretan iragaiten zuten gero etxera zuzen joaiteko, egonik ere, ile-apaindegiak, saltegiak, ostatuak, dena zerraturik zegoen; nehoiz ez dira ikusi beren aferetan hain axola guttiko erreformatuak.

Bainan egunak aitzina arau, izar beltzaren etorrera are hurranago zen, eta elizak adar eginik egoiten ziren herri guztietan, eta Maulen are beteago.

Higanautek, aldiz, taldeka biltzen ziren printzipal zenbaiten etxeetan.

Leku orotan otoitza zen nagusi, nahiz jendeek elkarri so egiten zioten, eia herexe edo papisten artean malurak noiz hasiko ziren.

Agorrilaren 18an iduzkia zeruerdian zeno, berari so egon zen hiri osoa, delarik eliz barrenetik edo etxe baitako leihoetatik.

Deusek iragarri gabetarik, iduzkia hasi zen alde batetik hiltzen, ageri-agerian zen belzgunea, iduzkia janen bailuen, handiagotuz zohalarik.

Oboe beltza iduzkiaren orde ezarri zenean, txoriak gordatu ziren beren habietan, suge eta muskerrak joan ziren lurpeko beren zuloetara buruz